Joan den astelehenean, maiatzaren 12an, Maite Carranza idazlea izan genuen bisitan ikastetxeko Vázquez Montalbán aretoan. DBH 2. mailako ikasleek irakurri duten Una bala para el recuerdo eleberriaren egilea da. Antolaketa-arrazoiak izan zirela eta, jardueran DBH 2.B, 2.E eta 2L gelek parte hartu zuten. Ikastalde hauek Gaztelera eta Literaturako saioetan aipaturiko irakurketan oinarrituta, istorioaren pertsonaia bati norberaren gutun bat idazteko jarduera gauzatu zuten.
Maitek Espainiako Gerra Zibilaren gaineko azalpena eman zigun, baita garai hartako gizartearen hainbat alderdik (emakumeak eta haurrak, esate baterako) errepresioa nola bizi izan zuten. Gaur egun Memoria Historikoa eta oroimena aldarrikatzearen garrantziaz ere jardun zen. Gainera, Miguelín eta Gretaren istorioaren oinarria eraikitzeko hezur-haragizko testigantzak baliatu zituela ere kontatu zigun: Eduardo Pons Pradesen Los niños republicanos liburuko pasarte batean, zehazki, Las aguas del puerto teñidas de rojo izenburuko testuan.
Azkenik, ikasleek idatzitako gutunen hautaketa bat eman genion Maiteri. Oso hunkigarria izan zen harentzat, berak ere Gerra Zibilaren garaiko hamaika gutun irakurri baitzituen Una bala para el recuerdo eleberriaren testuingurua josteko. Ikasle batzuek, gainera, irakurketan zehar sortu zitzaizkien jakin-minak partekatu zituzten. Topaketa laburra izanagatik ere, sinbolismoz, konpromisoz eta belaunaldi berriek euren nagusien memoria bizirik iraunarazteko duten itxaropenaz beteriko bilkura ere izan zen.
