Bidatz Villanuevak 12-14 urtekoentzako 2007ko Iruñeko Ipuin lehiaketa irabazi du |
OROITZAPENAK Bidatz
Villanueva (12L) |
|
|
Eskuan
egurrezko pipa zuela eta atorra laukiduna soinean, garai haietan unez une
gertatutako oroitzapen latzetan barna, oraindik bidaiatzen jarraitzen
zuen. Telebistari begira zegoen harez geroztik zenbat gauza aldatuak ziren
pentsatuz, bere bizar luze eta zuria goitik behera laztantzen ari zela. Kea bota zuen ahotik erretzaile amorratua bailitzan, eta astiro,
begirada sutondo gaineko argazkian, hutsari so egiten balego moduan galdu
zitzaion, norbaitek denbora gelditu balu bezala. Neska ederra azaltzen
zen, soineko xume batez jantzirik eta izkina batean maitasunez idatzitako
“ Nire Bixente kuttunarentzako,
bihotz-bihotzez, Kattalin”. “Kattalin…
Hura bai emakume ausarta! Edozeri aurre egingo liokeena. Baina, zergatik
hain mundu krudelean bizi behar? Gupidarik gabeko pertsonek gehien maite
duzuna kentzen dizute, barrutik suntsitu arte bakerik ez duzula izango
erakutsiz eta azkenean hiltzea ere ez zaizu axola”. Hau
guztia sentitzen zuen Bixentek, Kattalin kendu ziotenetik. Irri samin
batekin, emakumea hurbil nabaritu nahian, argazkia bularrean estutu zuen.
Balkoira atera eta besaulki batean eseri zen, irudia askatu gabe. “Egun ederra, bai!” esan zuen bere
golkorako zeru argitsuari erreparatuz. “Oxala Kattalin hemen balego!”
eta eztarrian korapiloa sortu zitzaion. Pipa erretzen jarraitu zuen. “Ene
bihotza! Nola maite zintudan! Bigarren mundu gerra gogorra izan zen,
noski… Gurasoak galdu nituen eta senide gehienak…eta zu”. Arnasa
sakonki hartu zuen. “Gogoan dut ezagutu zintudan garaia. Guda bukatutzat
eman zutenean hogei urte nituen eta denbora hartan guztian galdu nuena
berreskuratzeko grina nuen, bizitzaz aldatzeko beharra eta neure
haurtzaroa atzean uztekoa. Egun batean hor barna nenbilela euri
zaparrada batek harrapatu ninduen. Noraezean korrika hasi eta herri batera
iritsi nintzen. Nonbait babestearren, zuhaitz baten azpian geratu nintzen
dardarka. Orduan agertu zinen zu. Irribarre goxo batez, zure jokaera
umilaz, euripean eskua luzatu zenidan konfiantza guztiz, zeure etxean
logela utziko zenidala esanez. Hasieran, hitz barik gelditu nintzen esker
onez onartu nuen proposamenagatik. Hain bihotz oneko emakumea!. Une batzuk
geroago, zure eskutik helduta nengoen, zuk aurrerantz tira egiten zenuela. Egunak pasa ziren, asteak, eta nik han
jarraitu nuen zure abegikortasuna aprobetxatuz. Gure harremana
handiagotzen ari zen eta bai eta zurekiko nituen sentimenduak ere. Hain
zinen ona nirekin!… Zure
ausardiak eta izateko era egiazaleak arrobatu ninduen. Zure edertasuna
bestelakoa zen. Buruan zintudan gau eta egun eta goizero ikusten
zintudanean, azaldu ezin dudan sentsazio bat nabaritzen nuen. Behin negarra entzun nuen eta urduri, zerbait
gertatu zitzaizulakoan zure bila irten nintzen. Sukaldeko aulki batean
aurkitu zintudan eta eskuetan, zure aitak, batek daki nora joan zenean,
utzi zizun urrezko bitxia. Zuregana hurbildu nintzen, apur bat harriturik,
eta lasaitzeko asmoz, besoetatik heldu eta zutik jarri zintudan, aurrez
aurre gelditu ginelarik. Eta bat-batean, ohartu gabe, muxu lehiatsu batean murgildurik geunden zu
neure besoen artean zintudala. Oh! Zein une ederra hura! Hitzez ezin
adierazi zer sentitu nuen! Hainbeste
maite zintudan! Inoiz uste baino gehiago egon nahi izan nuen zurekin, ene
laztana. Zoriontsu nintzen, oso zoriontsu. Baina hark guztiak, gutxi iraun zuen,
pertsona bihozgabe haiek nire ondotik aldendu zintuzten arte, hain zuzen.
Nork esango ote zidan udako gau hura zurekin egongo nintzen azkena izango
zela? Zu ikusten zaitut, gona zuria,
kamiseta urdina eta ile luze nahasiaz, bi soldaduk kamioi batean nola
sartzen zintuzten eta zuk, burua biratuz, aurpegi xarmagarri harekin,
malkoek begiak estaltzen zizkizutela, zenbat maite ninduzun oihukatu
zenidan eta nik, frustrazioan hondoratuta, soilik zure izena esateko
indarra izan nuen. Kamioia bazihoan, eta Kattalin ez nuen berriz ikusiko,
oroitzapen hutsa izango zen munduan gehien maite izan nuen neskatxa. Zulo beltz baten irteera aurkitu
ezinik nengoen, oraindik gertatutakoa sinistu ezinik eta neure buruari
galdezka gizon haiek zergatik eraman zintuzten, zergatik zu aukeratu
behar… Baina handik denbora gutxira ulertu nuen”. “Esadazu
Kattalin, zuk, zauden lekutik zaudela, uste al duzu zure aita bigarren
mundu gerran, etsaien kolaboratzaile izatearen gainetik zegoela gure
maitasuna? Nire familia hil
zuenen aldekoa zela jakin nuen, beste guztiak bezain hiltzaile petrala,
izaki odol galdu baten modukoa, zeukana baloratzen ez zuena eta
koldarkeriaz edo, nazi zikin haien aliatu bihurtu zen. Jarraituko genuen
elkar? Inoiz ez dut jakingo sikiera noizbait
esango zenidan eta joan zinenean utzi zenidan sufrimendu sakon harekin
gelditzea baino, beste aukerarik ez dut”. Ilunabarra
zen eta kolore gorrixka batek estaltzen zuen arratsaldeko zeru urdina. Han
zegoen Bixente, pipa erretzen zurezko besaulkian, oraindik argazkia eskuen
artean zuela. Konturatu gabe, begiak negar jario batean itsutuak gelditu
zitzaizkion hain oroitzapen mingarrien artean. Kolpe gogorregia izan zen
Kattalin galtzea. Egun hartatik aurrera ez zen betiko Bixente izanen.
Milaka gauza esan nahiko zizkion eta gogor besarkatu. Bere arimaren zati
bat maitatutako emakume harekin joan zitzaion, jaikitzen zenetik oheratzen
zen arte hark utzitako zauria sentitzen zuelako bere barnean, inoiz eta
inork sendatu ezingo ziona. Barrura sartu zen eta argazkia txukun-txukun bere betiko lekuan utzi zuen. Bihar beste egun bat izango zen, beste egun bat…
|