AVE-ren irgarkiarekin gertaturikoaren laburpena  

 

 

Publizitateari buruzko hezkuntza proiektua pentsatu eta mamitu genuenean hainbat helburu genituen buruan: Publizitateak arreta deitzeko erabiltzen dituen tresna eta baliabideekin kritiko izaten ikastea, publizitateak dituen estrategien azpian dauden baloreei buruz hausnarketa egitea, erabilitako mezuen, ideologien, aurkezten diren portaera eredu eta bizimoduen analisia egitea, etab. Proiektua garatzen hasi eta handik gutxira telebistan AVE trenari buruzko iragarkia ikusi genuen. Bertan trenaren bagoiak mitxoleta zuri edo lo-belar (Papaver somniferum) zelai zabala zeharkatzen ari dira; iragarkian loreak baino gehiago kapsulak antzematen dira, zeinetatik opio, morfina, codeina, heroina eta beste berrogeita hamar alkaloide gehiago ateratzen diren. 

Gure sorpresarako, iragarkian erraten zen testuak ere narkotikoen kontsumoa inplizituki indartzen zuen, hizkuntza bikoitza erabiltzen zelarik: “...el FUTURO VIAJA entre Madrid y Sevilla RÁPIDAMENTE...”.

“Viaje”, bidaia hitzak drogaren munduan duen esanahia alde batetik, eta bestetik trenaren irudiaren metafora (70. eta 80. hamarkadetan batik bat drogarekiko menpekotasunarekin lotzen da: “Trena”, Leńo taldeko abestia, 1980) jakinik, iragarkiaren konbentzitzeko asmoa aztertu egin genuen: Testu eta irudiaren lotura, lo-belarren zelaia lehenengo planoan, ezkerreko eskumuturrean dagoen erlojuari begira dauden eskuak, zerua, tren geldia mugimenduarengatik desenfokatua, etab. Honek guztiak RENFE enpresako arduradunen batekin eta Drogomenpekotasunaren Plangintza Foraleko zuzendaria den Fermin Castiella jaunarekin kontaktuan jartzera bultzatu gintuen, gure kritika eta analisia helarazteko.  

Gutun anitz elkarri bidali ondoren, RENFEko Publizitate eta Kanpoko Harremanetarako arduraduna den Arantza Ustarroz andreak, begibistakoa zena ukatuz hasieran, erretxinak ginela, asmo izkutuen bila genbiltzala (zelaia  benetako “Papaver somniferum” zela aitortu zuen, hala ere) erran ondoren, iragarkian agian pittin bat pasatuak zirela onartu behar izan zuen, drogaren kontuarekin ezin dela jolasean ibili eta bere enpresako publizistek “gola” sartua ziotela. Gol hori guk, publizitate gaian adituak zalantzarik gabe, antzeman egin genuen klasean. 

Barkamena eskatuz egin zigun agurra, lan ildo horretatik jarraitzeko animatu gintuen eta iragarkia inoiz ez zutela emitituko agindu zuen.

Bestalde, D.P.F.-ko zuzendaritzak beti eman digu laguntza eta gure analisia ongi baloratu ere bai. Haren bitartekaritzari esker Jesús Sánchez Martos doktorearekin eta Enriqueta Seller Roca de Tagores andrearekin harremanetan jarri ginen, hauek beren atxikimendua eta zorionak eman zizkigutelarik. Jesús Sánchez Martos jauna Madrileko Unibertsitate konplutensean Osasun Heziketako katedratikoa da, Radio Nacional irratiko publizitate aditua eta Alacanteko Unibertsitateko Komunikazio irakaslea. Enriqueta Seller Roca de Tagores andrea berriz, Legebiltzarra eta Senatuaren arteko Drogetarako Batzordekidea da.

 

Honetaz guztiaz gain, komunikabide ugarik gure jarduerarekin interesa azaldu zuten, eta haien artean, Antena 3ko Nieves Herrero eta Telediario 2ko prentsa arduraduna den Lorenzo Milá. Azpimarratzekoa da EITBk egin zigun erreportaia, non ikasleek lasai asko azaltzeko aukera izan zuten, 2002ko otsailaren 11an eman zuten programan beren ospe unea ere lortu ahal izan zutelarik. 

Sorturiko polemika ez luzatzearren, gonbidatu gintuzten hainbat irrati saiotara joateari uko egin genion, ospe bila ez genbiltzan eta. Ontzat eman genituen RENFEk emandako aitzakiak eta iragarkia erretiratzeko agindua eta ez genuen gaia gehiago luzatu nahi izan, gure lanagatik harro sentituz eta erraldoi bati irabazi geniolako kontziente izanik.

 

 Aurreko orrialdea