Errege sudurgorri
Aurkezpena: “Errege sudurgorri” antzeslana, 2003-2004 ikasturtean Filosofia mintegiak 4. DC eta 3. G taldeekin eginiko proiektuaren emaitza da. Proiektua, Hezkuntza Jarduera Antolatuak irakasgaiari dagokion “Garapen pertsonala eta soziala” edukin blokearen barruan landu izan dugu. Proiektu honetan, antzeslan txikia errepresentatzeko asmotan, “El rei que tenia el nas vermell” izeneko ipuin kataluniar herrikoia egokitu izan dugu, gaztelerara eta euskarara itzuli dugularik. Ipuinaren testuari gida didaktiko txikia gehitu diogu, hausnarketarako ideiak eta lanerako iradokizunak ematen dituena. |
![]() |
![]() |
Ipuinaren
antzespena (antolaturiko jardueren artean, nagusia), bere diseinu grafikoa,
testuaren itzulpena, testua bera biltzen duen folletoa eta gida didaktikoa,
drogei buruzko analisi eta hausnarketa prozesuaren ondorio dira. Horretarako
lehenbizi drogen fenomenoa era orokorrean aztertu genuen eta gero gaur egungo
gure gizartean legeztatuak eta onartuak diren hainbat sustantzien erabilera
ere aztertu nahi izan genuen, zehazki alkoholak gure ohituretan duen presentzia
eta sortzen dituen arazo larriak. Antzeslana maiatzaren 28an antzestu genuen
DBHko 1. mailako ikasleen aurrean. |
Beraz, jarduerak, oso dibertigarria izan arren, bazuen helburu
serio eta garrantzitsua, alkohola gehiegi edateak sortzen ahal dituen arazo
pertsonal eta sozialen inguruan kontzientzia hartzea, alegia. Ez dugu edatearen
kriminalizazioa egin nahi izan, ezta mundu guztia abstemio bilakatzea ere.
Arduratsu jokatzeko eskatzen dugu, ez besterik, eta horretarako alternativa
osasungarriak eskaini. |
![]() |
![]() |
Bestalde, azpimarratzekoa da, azken urte hauetan ohikoak izan diren beste
proiektuetan bezalaxe (“Publizitate tailerra”, “Kerik
gabe rap-a”, “AVE trenaren iragarkia”, “Ipuin batean
bezala”, etab.), aurtengo proiektuaren atzean ere lan handia eta luzea
dagoela, agerian bukaerako emaitza besterik ikusten ez bada ere. |
Irakasgai bakoitzaren mugak hautsi eta zeharkako tratamentua eman diogu, jarrera edukinen inguruan batik bat, talde, maila, irakasgai eta irakasle ezberdinen arteko lana egin dugularik (Musika, Eremua, Gorputz Heziketa, Osasun Tailerra, etab.). H.J.A. irakasgaian aldiz, berariazko edukinak landu ditugu proiektuan zuzenean parte hartu duten 4. DC eta 3. G ikastaldeekin. Ez ditugu lerro hauetan proiektuaren xehetasun guztiak kontatuko aski nekagarria izanen bailitzateke, baina bai ordea alde ikusgarriena eta politena kontatuko dugu. |
![]() |
![]() |
Antzeslana: “Errege sudurgorri”: 2003ko maiatzaren 28ko goizean zehar egin genuen, 2 orduko bi saioetan,
DBHko 1. mailako ikasleei zuzendua bereziki (guztira 140 neska-mutil,
6 ikastaldetan banaturik). Ikasleez gain, euren irakasleak, tutoreak,
zuzendaritza taldea, orientatzailea eta bestelako gonbidatu bereziak ere
izan ziren bertan. Esate baterako, Drogei buruzko Foru Planaren zuzendari
teknikoa eta Nafar Gobernuko Osasuna, Industria eta Hezkuntza Sailetako
Kontsumo eta Hezkuntza Berrikuntzako atalburu zenbait ere etorri izan
ziren. |
Egitura. Saioa honela izan zen: Programa eta parte hartzaileen aurkezpen laburra egin genuen lehenbizi.
Horretarako ekitaldi osoaren nondik norakoak biltzen zituen esku egitaraua
banatu zen. Ondoren, OMS erakundeak eginiko “A su salud” izenburuko
bideoaren emanaldia izan zen. Jarraian, bideoan ageri diren hitz gakoen
inguruko ideia zaparrada burutu genuen. DBHko 1. mailakoendako sariak
ere banatu ziren. |
![]() |
![]() |
Txaloak jaso eta gero, ikusleen irriak lasaitu orduko, ipuinean azaltzen
diren egoerak eta arazoei buruzko eztabaida egin zen. Azkenik, 3. G taldeko ikasleek antolaturiko “Osasun Taberna”-k alkoholik gabeko hainbat edari gozo eta osasungarri dastatzeko aukera eman zigun, hala nola: sorbete ezberdin eta anitzak, (limoi, laranja, jogurt, koko eta anana zaporezkoak), irabiatuak (txokolate, franbuesa, anana eta marrubia zaporezkoak), etxeko jogurt likidoak (melokotoi, marrubia eta banana zaporezkoak), izen erakargarrietako koktelak (“Canarias”, “Cinderella”, “Tutifruti”, etab.), eta, noski, ura!, iturriko ur garbi eta gardena. Bukatzeko, jende guztiari eman zitzaion material didaktikoa (karpetak, folletoak, pin-ak, norberarendako alkoholimetroak, etab.) eta saioaren ebaluazioa egin zen. Parte hartu zuten guztiek (aktoreak, musikariak eta ikusleak, ikasle nahiz irakasleak) oso balorazio orokor ona egin zuten. |