BERTSOLARITZA

 

Egileak: Nerea Castillo, Itsaso Gonzalez, Aritz Marro, Urko Diaz, Arantxa Arrieta, Ekaitz Garcia, Asier Lopetegi


Jendearen aurrean, bapatean asmatzeko teknika zabaldurik dago munduan zehar, adibidez, Afrikako tuareg edo Asiako tibet herrietan. Europan ere hedatuago omen zegoen, baina hemen bakarrik iraun du.

Bertsolaritzan, dena den, bi parte bereizten dira: jende aurrean, bapatekoan aritzen den bertsolaria, plaza-gizona, eta bertsoak idatziz bertso-paperak ematen dituena, bertso-jartzailea. Sailkapen hau egiterakoan eztabaida sortzen da, ez baitago beti oso garbi bertso-jartzailea bertsolari den ala ez. Badira bertso-jartzaile bezala gutxi nabarmendu diren bertsolariak, adibidez Fernando Amezketarra, Gaztelu, etab. Badira ere plazan gutxi edo batere aritu ez direnak: Iturzaeta, Otaño... Azkenean bai plazan, bai bertsoak jartzen, maisu izan direnak ere baditugu: Xenpelar, Txirrita, Xalbador... Honetaz gain, beste sailkapen bat ere egiten da bertsolarien artean; literatura idatzia ezagutzen dutenak eskolatuak direla esaten da, ezagutzen ez dutenak, aldiz, eskolatu gabeak.

Plazako bertsolaritzak badu beste ezugarri nabarmen bat: bertsolari eta entzuleriaren artean sortzen den harreman berezia. Entzuleria ongi ezagutu behar du bertsolariak, elkar ulertze estuagoa izan dadin; entzuleriak, bere aldetik, bertsolariaren pentsamendu ildoa hurbiletik segitzen du eta maiz, bertsoaren bukaera asmaturik, berarekin batera kantatu egiten dute. Bertsolaritzak herrian izan duen atxikimendua oso handia da; herria bertsozale amorratua izanik, bertsolari on batek aise mugiarazten ahal zuen jende andana. Pello Mari Otaño bertsolaria Ameriketara abiatzen zelako berria hedatu zelarik XIX. mende bukaeran, ehundaka entzule bildu ziren Pasaiko kaian, lan egun batez, haren azken bertsoak entzuteko asmotan; Amezketako, Zabala eta Hernakiko txabalategi bertsolarien arteko desafioa aditzeko lauzpabost mila pertsona bildu ziren Billabona 1801. urtean.



Bertsolaritzaren historia

Lehenengo bertsolari handia Pernando Amezketarra izan zen, gaur egun mito mailaraino jasoa dagoen adarjotzaile umoretsua. Harekin hatera, Zabala, Txabalategi, Altamira, Izuelako artzaina eta Bordel ibili ziren; eskolatu gabeak denak ere. XIX. mendearen lehen herenean bertsoak idatzita, bertsopaper edo kanta-paperak saltzen hasi ziren feriaz feria eta festaz festa. Ohitura honek bi karlistaden artean loraldi bikaina ezagutu zuen eta, gero, 1936ko gerratera arte egon zen indarrean. Gaur egun bertso jarrien lehiaketak egiten dira. Asko dira karlistadetako pasadizoak kontatzen dituzten bertsoak, bai liberalenak eta bai karlistenak. Bi gerra hauen arteko 30 urteko bakealdian Xenpelar izan zen bertsolaririk ospetsuena, eta ordukoak dira, besteak beste, Bilintx, Iparragirre eta Etxahun. Bigarren Karlistadaren ondoren galdu egin ziren dirua jarrita, epaileekin, denbora mugatuta, etab. izaten ziren bertsolarien arteko desafioak, herri xumearengandik sortzen zirenak, eta klase eskolatuak hasi ziren bertso saioak antolatzen. Denbora honetako bertsolari batzuk Udarregi, Pello Errota, Pedro Otaño (Errekalde Zaharra deitua), honen seme Jose Bernardo eta iloba Pedro Mari dira. Bertsolaritzaren sustatzaileen artean Jose Manterolak aipamen berezia merezi du egindako lanagatik: bertsopaperak bildu, Euskal Herria aldizkarian bertso saioen berri eman. etab.

XX. mendearen hasieran, garbizaletasunaren eraginez, jende ikasia bertsolaritzari muzin egiten hasi zitzaion, baina bertsolariek berean jarraitu zuten eta Txirrita da orduko figura gorena. Hain zuzen, Txirritaren heriotzarekin ematen zaio bukaera aldi horri. Sagardotegietatik atera eta plaza eta leku txikietako saioak ugaritu egin ziren; txapelketen garaia hasten da. 1935eko eta 1936ko Bertso Txapelketa historikoak eta urte bereko gerrateak markatzen digute garbi mugarri bat. Gerrate gorriak dena hondatu zuen gure lurra: bertsolariak ihesi edo ezkutuan eta bertsogintza zeharo lurperatuta, 1945 inguruan hasten da, beldurrez, nolabait burua jasotzen bertsolaritza. Gerra osteko 1. Bertsolari Txapelketa nazionala 1960an ospatzen da, euskal mundua pil-pilean dago Francoren diktaduraren kontra eta bertsolaritzaren pizkunde indartsua ere giro horretan kokatzen da. Bertsolariak sasoi betean aurkitzen dira: Uztapide. Basarri, Xalbador. Mattin, Azpillaga, Mitxelena, Jose Lizaso, Lasarte, Agirre, Lazkano, Lazkao Txiki, Lopategi, etab. Orokorrean, garai honetako bertsolariak ikasiagoak dira aurrekoak baino. 60-eko hamarkadan lau txapelketa jokatu ziren, azkenengoa 1967an eta isilaldia izan zen 1980 arte. Azpillaga eta Lopategi bizkaitarrek egin zuten zubia ondoren zetorren belaunaldiarekin eta Amurizaren garaia hasiko da. Bertsolaritza erabat kalegiroan murgiltzen da, eskola eta unibertsitatera iritsi da.


Fernando Amezketarra

Fernando Amezketarra, Amezketan jaio zen 1764an; han bizi izan zen eta han hil zen 1823an. Gipuzkoako historian ageri den lehen bertsolaria izan da.
Lekukotza guztiek, garai hartako bertsolari guztien buru jotzen dute. Iritsi zaizkigun bertsoak gehiegi ez izan arren, egiazta dezakegu Fernandoren bertsoek ez dietela zorrik mende bat geroagoko bertsolariei. Bederatziko motza oso erabilia zen garai hartan, eta ezagutzen ditugun piezetan nabarmentzen da neurri hori oso ondo menperatzen zuela.
Fernando Amezketarra, bertsolari izan baino lehenago, ipuinen eta pasadizo askoren autore bezala iritsi da guregana mito bihurtuta. Gizon barregarri, argia eta zorrotza, hamaika istorio utzi zizkion geroari. Batzuk, dudarik gabe, berak sortu zituenak eta beste asko bidean erantsi zizkiotenak. Bere istorioetan adimen zorrotza eta argia eta bere abenturen garaile agertzen da beti, umore pikaroen mito bat.

 

Juan Frantzisko Petrirena Berrondo - Xenpelar


Gipuzkoar bertsolaria (1835-1869). Errenteriarra. Olloki, Larraburu, Ardotx, Patxi Bakallo, Panderitarrak izan zituen bertso lagun. Oso gaztetatik bertso-kantari hasia, lantegi bateko arduraduna zen eta zenbait langileri aginduak bertsotan eman izan zizkien. Melodia herrikoiei egokitzeko moduko bertsoak egiten zituen, kantatuak, betiere. Gazterik hil zen arren obra ugaria utzi zuen, eta heldutasun handikoa. Bat-bateko bertso apur batzuk gorde badira ere, jarriak dira haren bertso sail ezagunenak. Hogeita hamar bat bertso paper gorde dira gaur egun arte. Sail horietarik gogoangarrienak: Pasaiako plazatik dator notiziya, Frantsesaren ideak, Andre txarren bentajak, Betroiarenak, Ezkondu eta ezkongai, Azken juiziokoak, Iya guriak egin du. 1931n Macazaga inprimeriak Xenpelarren bertsuak izeneko liburuxka argitaratu zuen; Jautarkolek, 1958an, Xenpelar bertsolaria bizitza ta bertsoak izenekoa plazaratu zuen, eta, azkenik, Antonio Zavalak Xenpelar bertsolaria (1969) liburua, haren bertso guztiekin, kaleratu zuen. Xenpelar jotzen da XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurtzat.


Bilintx

Donostian sortu 1831ko apirilaren 30eko eguerdian eta bertan hil zen Bilintx. Izen oso-osoa Guillermo Joaquin Indalecio zuen. Amaren aldeko aitona andaluza omen zuen, Ayamontekoa (Huelva). Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen.
Ezagutu zutenek idatzita utzi dutenez, ez omen zen edertasun handiko gizona: umetan paretara igo, handik erori eta aurpegia desitxuratuta gelditu omen zitzaion. Hortik zetorkion nonbait Indalezio Moko beste goitizena. Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak egin zizkion; aurrerakoan errenka ibili zen betirako. Beste behin, etxera lapurrak sartu eta aurreratuta zituen 8.000 errialak ostu zizkioten.
Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian gudukatu zen Bigarren Karlistadan. Gauzak nola diren: 1876ko San Sebastian egunean, karlistek botatako granada sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zelarik, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak pasata hil zen gizarajoa, uztailaren 22an. Maitasunaz eta edertasunaz idatzi zituen bere poema gehienak Bilintxek, dohai horietan bera oso aberats izan ez bazen ere. Bizitzaren garratza umore eta ironia finez azaltzen jakin zuen, herri bertsogintzaren moldeetan. Bere poema asko eta asko kantatzeko sortu zituen, eta herriak luzaroan gorde ditu kantu horiek: Kontxesirentzat, Beti zutaz pensatzen, Neskatxa bati mutil batek jarriyak, Bein batian Loyolan, Izazu nitzaz kupira, Potajiarena, Maita nazazu arren, Ja-jai, eta guztietan ezagunena, ziur asko, aldamenean musika eta guzti dagoen Juana Bixenta Olabe.



Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”

Jose Manuel Lujambio Hernanin jaio egin zen 1860an. Gerrara joango zen semerik ez zuen nahi.Lujanbiotarrek, 1873az geroztik, Errenteriako Txirrita baserria i zuten. Bereahala, oredea, herri askotako taberna, plaza eta sagardotegiak bilakatu ziren bere bizileku.Primua bazen ere, bere izena “Txirrita” izan zen etxetik eraman zuen gauza bakarra.

Bizitzaren hondarraldean, bertsokera berriarena ezagutu zuen. Donostian, 1935ean, Euskal Herriko I.Bertsolari eguna antolatu zuen.Txirritak, omenaldi gisa, 1936ko txapelketa irabazi zuen eta ez zitzaion ironiarik falta izan saria jasotzerakoan. Aurreko urtean, ere, Basarrik hain gazterik irabazi zuen hartan, Txirritak bertso famatua bota zuen(“Laurogei urte gaiñian eta”), baina atzera samar geratu zen.
Txirrita oso goiz hil zen.Guraino Txirritaren bertso batzuk ailegatu zaizkigu. 1936. urtean Jose Manuel Lujanbio Altzan hil egin zen.

Hauek dira Txirritaren bertsoren izenburua: “Il da Canobas”, “Zuk il zenduen artzaina” edo “Auxen da lotsa eman didana”.
Txirritari buruz ere liburu bat idatzi egin da. Liburu horretan haren bizitzaren momentuak eta abar gauza dator. Ezin besteko iturria da Antonio Zabalaren liburua. Liburuaren izenburua “Txirrita.Jose Manuel Lujanbio Retegi”. 1992an argitaratu egin zen, Asporen sail nagusian.

Txirritaren bertsogintza gardena eta graziosoa zen erabat, originaltasun handikoa, dena naturaltasun handiarekin egiten zuen. Eta beste ezaugarri nabarmen bat haren bertso politikoak ziren. Eskolagabea izan arren, irakurtzen bazekien eta badirudi gustatu egiten zitzaiola. Bestealde historia asko gustatzen zitzaion, hala nola Erromatarren hisotria, foruen galerako pertsonaiak eta abar. Txirrita bertsolari klasikorik politikoena izan zen.


Fernando Aire – Xalbador

Nafarroa Beherako herri batean jaio zen, Urepelen, 1920. urtean. Bertan bizitza osoa eman zuen. Munduko II. gudaren ondoren, Teodoro Hernandorenaren eskutik bertsolaritzaren suspertzailea izan zen, geroztik plazaz-plaza ibili izan zen.

1976ko azaroaren zazpian, Urepelen omenaldi bat egiten ari ziotenean, bihotzeko bat eman zion eta hil egin zen.

Xalbador plaza.gizon nahiz bertso-jartzaile nabarmendu egin zen, XX. mendeko bertsolaririk gorenetakoa izatera helduz.

Bertso sakonak idazten eta abesten zituen, oso minbera eta sentikorra baitzen. Entzulearekiko errespetu handia zeukan. Donostiako 1967ko txapelketan gertatu zena horren adibide izan zen. Epai mahaiak Xalbador eta Uztapideren artean hautatu behar izan zuen. Xalbador aukeratu zuten eta Uztapide kanporatuta izan zen, entzuleek desadostasunaren ondorioz txistuka hasi ziren. Orduan, Xalbador bertso bat abesten hasi zen, momentu hartan jendeak onartu eta txaloka hasi zen. Hau izan zen bertsoa:

“Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ez pazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik.”