Ipuin batean bezala
Lehiaketaren oinarriek, kirola laguntasunaren bidez sustatzeko helburua lukeen publizitate txartela egitera gonbidatzen gintuzten. Pertsonako txartel bakarra egitea indibidualismoa bultzatzea iruditzen zitzaigunez, guztiok batera kanpaina egitea erabaki genuen.
Leloa erabakirik (“Jende bila nabil. Apuntatuko al zara?”) guztiok
aritu ginen bilatzen gure etxeko albumetan leloarekin bat etorri litekeen
argazkirik. Ehunen bat argazkiren artean barregarrienak aukeratu genituen. Ez
zen batere erraza izan guztiak oso barregarriak zirelako: ikaskideak ziren
argazkiak ateratzen zirenak, baina hamar edo hamabost urte gazteagoak, ume
txikiak, mukiak zintzilik, bainujantzi itsusiaz edo mozorro irrigarri eta
koloretsua.
Harturiko irudi bakoitzari esaldi bat erantsi beharra zegoenez, “idei zaparrada” egin genuen. Mundu guztiak eman nahi zuen bere iritzia eta burura zetorkion lehendabiziko gauza esan (uler daitekeen bezala, ezinezkoa da hemen ideia horiek guztiak errepikatzea). Beharrezko galbahea egin ondoren, dozena bat esaldi gelditu zire guztion gustukoak (gure txapelduna Miguel Indurain aipatzen zuen bat kanpo utzi genuen, irakaslearen irudiko soberan erabilia zelako).
Ordenagailuko diseinu programekin dugun trebeziak, txartel on batek behar dituen elementuak (tipografia deigarria eta zuzena, kalitate ezin hobea) ongi burutzeko lagundu zigun.
Txartelak seinalaturiko datan bidali genituen. Lehiaketak normalean galdu
egiten direnez, inskripzioa ospatzea erabaki genuen, sari banaketa baino lau
ordu lehenago jatetxe txinatar batera bazkaltzera joan ginelarik. Bazkaldu
ondoren, irriak eta argazkiak egin ostean, Kazetaritza Fakultatera abiatu ginen.
Pasabideetan dexente itxoin ondoren eta urduri, Ikasgela Handian sartu ginen. Norbaitek hitz egin zuen mikrofonoren bidez. Saridunak nortzuk, zein ikastetxetakoak eta zein txartel izan ziren aipatu zuen. Bat ere ez zen gurea. Dena bukatua zegoen. Eguna goibel bilakatu zen: dezepzioa eta desilusioa agertu zen normalean alai eta pozik izaten diren aurpegi gaztetan. Baina bat-batean, isiltasuna nagusi. Palacios, Osasunako jokalaria, ozenki mintzatu zen, bertan zeuden autoritate akademiko eta politikoen baimenaz, beste sari bat gehiago zegoela esanez. “..talde lanean egindako ahaleginari, kanpaina burutzeko sarturiko ordu guztiei, txartelen irudimenari, originaltasunari (txikiak zireneko argazkiak erabili zituzten), kirol praktikarekin lotutako baloreak isladatzen dituzten esaldien kalitateari...” eta, banan-banan, Tamara, Xabi, Imanol, Josu, Ander, Eneko, Luis, Asier, Enrique, Juani, Iban eta Alfredo aipatu zituen.
Txaloak, irriak, malkoak, besarkadak, argazkiak. Irabazi genuen.
Zizur Nagusiko B.H.I.ko DBHko 4. DCko ikasleak, Nafarroako Unibertsitateak, Nafarroako Gobernuak, Diario de Navarra egunkariak eta Kirol eta Gazteriaren Nafar Institutuak antolaturiko II Publizitate Lehiaketan (“Publicitarios en potencia”) sarituak izan dira. Neska-mutil hauen lan paregabea Nafarroa osoko hogei bat ikastetxek aurkezturiko hirurehun lanen gainetik izan da. Ikasketen laugarren mailan beren lana erakutsi eta aztertu egiten da, publizista izanen direnendako adibide eta eredu.